XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

11.2. FUSIBLEA

Intentsitateak, denboraldi batean, finkatutako balioa gainditzen duenean, korrontea eten egiten duen gailua da fusiblea.

Fusiblearen zeregina zirkuitua gainintentsitateetatik eta zirkuitulaburretatik babestea da.

Dena den, kontuan izan behar da babes hau ez dela bat-batekoa, gainintentsitatea sortu eta denbora behar du eta korrontea eten aurretik.

Fusibleak, 11.3. irudian agertzen den bezala, hiru osagai nagusi ditu:

1. Borneak edo terminalak, material eroalez egindakoak direnak eta elikadurari eta kargari konektatzen zaizkionak.

2. Estalkia. Material isolatzailez eginda dago, normalean beirazkoa edo zeramikazkoak delarik. Bere zeregina fusiblea erretzen denean tenperatura handiak jasatea eta kanpoko egitura mantentzea da eta zirkuitua elikatuta dagoenean, fusiblea sartzean edo ateratzean bertatik helduz gero elektrikararik ez izatea.

3. Urtzen den osagaia. Material eroalez egindako haria izan ohi da. Joule efektuan oinarritzen da bere funtzionamendua. Hari honetatik izendatutako korrontea baino handiagoa igarotzen denean, berotasunaren eraginez urtu egiten da eta horren ondorioz borne bien arteko korrontearen bidea eten egiten da.

Fusibleak beti kargarekin seriean konektatu ohi dira, 11.4. irudian agertzen den moduan.

Horrela kargara doan korronteak fusiblean zehar pasatu behar du eta handiegia denean, fusiblea erre eta korrontearen bidea eten egiten da.

Fusibleak batez ere bi ezaugarri tekniko nagusiren arabera aukeratu behar dira: izendatutako intentsitatearen eta tentsioaren arabera. Gero, horrez gain, intentsitatearen balioaren arabera itxura fisiko eta tamaina desberdinekoak daude.

Fusiblearen abantaila merkea izatea dela esan genezake, baina desabantaila gisa kontuan izan behar da beti ordezkoak eduki behar direla laster eskuratzeko moduan, eta osagai elektronikoak dituen tresneria babesteko sarritan behar bezain bizkorra ez dela.

Fusibleen erabilpenari dagokionez, etxebizitzetan entxufeen alboan kokatu ohi dira konektatzen den tresneria babesteko.

Fusible hauen balioak 10, 16, 20 eta 25 amperekoak izan ohi dira.

Hainbat tresna elektronikok ere bere barruan fusibleak edukitzen ditu zirkuitulaburretatik babesteko, fusible hauen balioa gehienetan ampere bat baino txikiagoa delarik.